XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jendeak ez gintuen batere begiko, arratoiak bagina bezala begiratzen gintuzten.

Nazka-nazka eginda geunden eta harrezkero alde eginak izango ginen, haietakoren batek gurdia erre izan ez baligu.

Ez nintzen, beraz, batere harrituko orain norbaitek Johnson jauna lapurtu izan balu.

-Azkar ibili! -esan zuen Gloriettak.

Antzar jokoa. Gehiago pentsatu gabe, nire intxaur egurrezko tiragoma hartu eta atzeko poltsikoa berun pusketaz bete nuen. Gero, ziztuan abiatu ginen.

Harrituta geratu nintzen ikusi nuenean nola jartzen zituen Gloriettak bere latoizko betaurrekoak inork agindu gabe.

-Hemendik joan dira, Wiley!

Lohia zegoen nonahi, baina lehortzen hasiak ziren, hala ere, bideak.

Ez genuen denbora asko behar izan Johnson jauna aurkitzeko.

Gure antzara ikusi baino lehenagotik entzun genituen haren karraka izugarriak.

Milia laurdenen bat egin genuen gora herriaren mendebaldetik eta zuhaitz eta zuhaixken atzean ezkutatu ginen.

Han zeuden sei bat gizon, zituzten mandorik arinenen gainean, antzara jokoa noiz hasiko zain.

Johnson jaunari bere lepo luzea besterik ez genion ikusten, bidearen erdian lurretik aterea.

Koipe beltzez igurtzi zioten lepoa eta handik beherakoa lurpean sartu.

Zera zen kontua, mandoak xaxatu, antzara zegoen alderantz arrapaladan abiatu, hara iristean makurtu eta lepo bihurri bezain irristakor hura harrapatzen saiatzea. Ez diot erraza zenik.

Aurrena antzara lurretik erauzten zuenak irabazten zuen. Lepoa moztu egiten zioten gehienetan antzarari.

-Banaka, jaunok, banaka -zioen oihuka Earl-Bob Picket-ek. Berak agintzen zuen nonbait. Neu hasiko naiz.

Gauza bakarra egin nezakeen Glorietta korrika harantz abia ez zedin.